IRAKURRI ASTE ETA HILABETE GUZTIETAKO
      AZTERKETEN IZENBURU GUZTIAK ZERBITZUAREN HASIERATIK

      HILABETEKO AZTERKETAK


      EUSKAL SARE GORRIAREN AZTERKETA-ZERBITZUKO 1997ko uztaileko azterketa

      "JULIAZOA". 1997KO UZTAILEAN ALEMANIA NAZIA DESAGERTUZ GEROZTIK EUROPAN SEKULA IKUSI DEN MASA MOBILIZAZIO FAXISTARIK HANDIENA ANTOLATU DU ESPAINIAR GOBERNUAK EZKER ABERTZALEAREN KONTRA.

      5. Iruñeko manifestazio ASMATUA eta Bilboko asmatutako milioi erdia.

      Lehenbizikoa bizi naizen hiriari buruzkoa, Euskal Herriko hiriburu historikoa, Iruea hain zuzen ere. Faltsuketa eta gezur biribilaren adibide berezia dugu honakoa. Igandea uztailaren 13ko DIARIO DE NOTICIASek orrialde bikoitian (16. ean) -Erredakzioak aparteko garrantzirik eman ez ziola esan nahi duelarik horrek- argazki bat zekarren «Bakearen Aldeko Koordinakundeak ehundaka lagun bildu zituen Foruen monumentuan» zioen oinak besterik ez lagunduta. Exajeratu samarra agian, baina balizkoa argazkiaren arabera. Ekitaldira bildutakoen urria frogatzen digu EL PAISen egun bereko edizioko 27. orrialdean larunbata 12an egindako kontzentrazioen berri ematean hizpide dugun hau ez aipatu izana. 12 horien artean aipatzen du Iruea, baina Gazteluaren Enparantzan eguerdian egindako kontzentrazioaz ari da eta 1.500 lagun bildu zituela dio. Igandea 13ko EL MUNDOk ere (Euskal Herriko edizioak) ez dio ezer Foruen monumentuan eginiko manifestazioaz, nahiz 22. orrialdean «Milaka espainiar kalera atera ziren» tituluaren azpian Iruean «ehundaka iruindarrek etenaldia egin zuten Sanferminetan eta kontzentrazioa egin zuten hiru ordu luzez -hauxe da EL PAISek aipatzen duen ekitaldia- ETAren beste ekintza terrorista honen aurka protesta egiteko. Horrez gain, bertan behara utzi zuten zezenketa» besterik ez du jasotzen.

      Eta hala eta guztiz ere, igandea 13ko DIARIO DE NAVARRAk larunbatean Iruean Foruen monumentuan 21,30etan hasi eta 20 minutu beranduago sakabanatu zen manifestazioan 30.000!!! lagun bildu zirela asmatzeko azal lodia izan zuen. 30.000 iruindarrek 'Aski da' oihukatu zioten ETAri zioen 28. orrialdeko tituluak, eta testuan «Milaka lagunek, 30.000tik udaltzaingoaren arabera...». Egunkari iruzurtiak ez zuen, noski, asmatutako jendetza horren froga litzatekeen argazki panoramikorik eskaini. Argazki egiten erraz askoa, Foruen monumentuaren inguruko edozein eraikinetik. Estu-estu jarrita 30.000 lagun sar litezke Sarasate pasealekuan, baldin eta plaza zabal hutsa balitz eta hedadura osoa hartu izan balu, pertsona bat baino gehiago metroko hartuta (Sarasate pasealekuak 260 metro luze ditu Foruen monumentutik Entzutegira eta beste 50 metro Monumentutik Nafarroako Jauregira; 43 metro zabal Monumentuaren parean eta 63 Entzutegiaren parean). Baina, Sanferminetara etorritako orok dakienez, Sarasate pasealekua EZ da plaza lauki-zuzen hutsa. Monumentuaz beraz eta zuhaitzez eta estatua ugariez eta telefono kabinez eta prentsa kioskoaz gain, beti daudenak bertan, CARITASeko Tonbolaren tramankulu handiek Sarasate pasealekuaren puska ederra hartzen dute, bai eta batera eta bestera dabiltzan saltzaileen salmahaiek ere. Hortaz, ezin zuten 30.000 izan. Ez eta izan ere. Nire senide batzuk bertatik pasa ziren aipatutako orduan eta ikusi ikusi zituzten DIARIO DE NOTICIASek esandako ehundaka lagunak, ez ordea DIARIO DE NAVARRAk asmatutako 30.000 laguneko kontzentrazioa. Izan ere, egunkari horri jasanezina baitzitzaion egia: Iruerriko milioi laurden biztanleek eta kanpotik etorritako milaka eta milaka lagunek Sanferminak ospatzen jarraitu zutela,musika jotzen, dantzan eta edanean, PPko zinegotzia hil ostean ere, eta Bakearen Aldeko Koordinakundeak ehundaka gutxi lagun besterik ez zituela bildu heriotza horrekiko beren nahigabea adierazteko.

      Hilaren 11n Ajuria Eneko Mahaiaren ostean komunikatu bateratu baten bidez Bilbon larunbata 12rako EAJk, PSE-EEk , PPk, EAk, IU-EBk eta UAk deitutako manifestazioa errealitatearen faltsuketaren adibide paregabea dugu. EGINeko telebista kritikariak ondokoa zioen biharamonean: «Bat batean sortutako manifestazioa zela zioten, logistikarik eta ia deialdirik gabekoa. Gizateriaren historia osoko manifestazio iragarriena izan dela uste dut nik: telebista guztiek batera, irrati guztiek, idatzizko komunikabideek, kiroletik toreroetara, etxeko andreetatik posta funtzionarioetara, denak, danbatekoak eraginda, zehatz-mehatz bultzatu dituzte koru orokorreko partaide izatera»(10) Zuzenean eman zuten manifestazioa telebistetan, abiatzekoa zen orduan edo ordu laurden lehenago hasitako informazio-telesaio berezietan (TV1, ETB1 eta A3 11,45etan, T5 12.00etan). TV1ek hirureun lagun eraman zituen Euskal Autonomi Elkartera bertako ohiko langileei lagundu eta bahiketaren eta bereziki Jesusen Bihotzaren plazatik Udaletxera biterteko mila eta bosteun (1.500) metro luzeko ibilbidearen berri emateko. 1.500 metro horiek ez ziren guztiz bete: helikoptero batetik hartutako irudi batek erakutsi zuenez, manifestazio burua Arenaleko zubia zeharkatzen ari zenean, azken muturrak bost etxaideetako hutsune handia zuen atzetik (Maximo Agirretik Jesusen Bihotzeraino).

      TBn ikusi nuen nik manifestazioa katea batetik bestera aldatuz. Maniestazioaren bukaeran helikopterotikako planoetan Arenaleko eta Udaletxeko zubiak erdi beteta erakusteko akatsa egin zutenean konturatu nintzen (esperientzia luzeri esker) ez zirela ehun milara (100.000) iritsi. Kopuru hori zekarren igandea 13ko EL PAISeko azalak: «100.000 lagunetik gora kalera atera ziren eguerdian Bilbon...». Halere, 24. orrialdean, bigarren tituluan zioen «Ehundaka milaka lagun bildu ziren Bilboko manifestaziorik jendetsuenean» eta Aitor Guenagaren kronikaren testuan berriro agertzen ziren «Ehundaka milaka lagun» bezalako esaldiak.

      DIARIO DE NAVARRA nolakoa den kontutan izanda, moderatu samar azaldu zen zenbaketak egiteko garaian hilaren 13ko alean. EFE eta Colpisa agentzien laburpenean, zera zioen 8. orrialdean: «poliziaren kalkuluen arabera 200.000 lagunetik gora bildu ziren, irratsaio batzuen esanetan, berriz, milioi erdia». EGINek «Manifestazio handia Bilbon barrena» tituluaren azpian «Gobernu-Ordezkaritzak 500.000 laguneko kopuruari eutsi zion; kopuru berberaz mintzo ziren manifestazioaren berri zuzenean eman zuten telebistak hasiera batean, baina minutuak joan ahala 200.000 eta 100.000ra murriztu zutela» azaldu zuen igandeko 16. orrialdean.

      EL MUNDOk ezinezko milioi erdi horren iruzurrarekin bat eginez «Milioi erdi pertsona inguruk Miguel Angel Blanco bizitzen uzteko exijitu zioten ETAri Bilbon» argitaratu zuen Euskal Herriko edizioko 14. orrialdean igandea 14ean eta testuan «Hainbat kalkulu ofizialen arabera, eta azken konfirmaziorik ezean, milioi erdi lagun inguruk leporaino bete zituzten Bilboko kaleak». Espero dut irakurtzen ari zaidanak ulertzea zergatik eskaini diodan horrenbeste leku manifestari kopuruaren faltsuketaren kontu honi. Argi dago JULIAZIOren giltzarri izan dugula faltsuketa, espainiar Gobernuak antolatu eta burututako operazioaren giltzarria. Laburbilduz: GEZURRA da SEI MILIOI manifestari egon direla JULIAZOan. Ez eta LAU MILIOI, ez HIRU ere. IZAN DIRA, BAI, MILIOI BAT BAINO GEHIAGO. Baina ez dira, ez, bi milioira hurbildu.

      Baina, kopuruen faltsuketaren gertakari garrantzitsua argitu ondoren, jende asko eta asko eta espainiar Estatuko leku ugaritan kalera atera izana -behin baino gehiagotan maiz- darrai oraindik. Eta azaldu beharra dago nola, zergatik eta zertarako atera dituen espainiar Gobernuak kalera. Baina, horren aurretik, beste zerbait azaldu beharra dago: zergatik esan duten horrenbesteko gezur mordoa Gobernuak eta masa komunikabideek.

      6. Espainiar Gobernuak eta mass-mediek hainbesteko gezur mordoa esan dute JULIAZOko manifestazioei buruz: a) beren izaeran dagoelako, b) beren helburuek hala eskatzen zutelako eta c) bazekitelako espainiar eta atzerritar askok sinistea lor zezaketela.
      ASTEROKO AZTERKETA ETA INFORMAZIO ZERBITZUA Hasierako orrira